2025eko Itzulia Womeneko 1. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zumarraga-Agurain (148,5 km)
2025eko Itzulia Womeneko lehenengo etapa maiatzaren 16an izango da jokoan, ostiralez. Lasterketa Zumarragan hasiko da, 9:31n, eta, 148,5 kilometroko ibilbidea eginda, Agurainen amaitu, 13:18tik 13:43ra bitartean. Txirrindulari parte-hartzaileek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren hiru mendate igo beharko dituzte; horietako bat, Opakua, 2. mailakoa da, eta beste biak, Arlaban eta Azazeta, ordea, 3. mailakoak.
Hala, Itzulia Womeneko laugarren ekitaldia Zumarragako Udaletxe Plazan hasiko da, arestian esan bezala 9:31n. Tropela, jarraian, Legazpira abiatuko da, eta Oñatira gerora. 42,8. kilometroan, etapako eta aurtengo Itzuliko aurreneko mendatea igo beharko dute ziklistek: Arlaban. Igoera luzea da, 7,4 kilometrokoa baita, eta batezbesteko malda % 4koa du.
Araban sartuta, lasterketa Ozaetan, Hermuan, Larrean, Axpurun, Narbaizan, Gordoan, Galarretan eta Zalduondon izango da. Ordoñana atzean utzita, Agurainen, 74,4. kilometroan, eguneko lehenengo esprint berezia jokatuko dute. Handik gutxira, 83,5. kilometroan, Opakua 2. mailako mendatearen pankarta izango da; lehen etapako mendaterik gogorrena da hori: 7,1 kilometroko igoera du, eta, batez beste, % 5,8ko malda.
Aldan izan eta gero, bigarren esprint berezia izango da jokoan, Kanpezun. Gero, lasterketa Antoñanan, Ataurin eta Maeztun ibiliko da, eta orduan igoko dute txirrindulariek Azazeta; 3. mailako mendate horrek sei kilometroko luzera du, eta % 3,4ko malda. Pankarta 126,4. kilometroan du, alegia, Aguraineko helmugara iristeko 22 kilometro direla.
Egiletan, Erentxunen eta Dulantzin txalotuko dituzte txirrindulariak etapako azken kilometroetan, eta Agurainen zehaztuko da zein ziklistak eskuratzen duen garaipena lasterketako lehen egunean; horrek, gainera, 2025eko Itzulia Womeneko aurreneko maillot horia jantziko du.
Zaleek zuzenean ikusi ahalko dute etapa; izan ere, eitb.eus-ek eta ETB1ek emango dute, 12:00etan hasita.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 1. etapa (maiatzak 16, ostirala)
Ibilbidea: Zumarraga-Agurain
Distantzia: 148,5 km
Hasiera-ordua: 9:31
Amaiera-ordua: 13:18 (40 km/h) | 13:30 (38 km/h) | 13:43 (36 km/h)
Mendiko saria: Arlaban (3. maila), 42,8. kilometroan; Opakua (2. maila), 83,5. kilometroan; Azazeta (3. maila), 126,4. kilometroan
Zure interesekoa izan daiteke
Bredewold: ''Gustuko ditut esprintean amaitzen diren egun gogorrak''
Mischa Bredewoldek irabazi du 2025eko Itzulia Womeneko 1. etapa. Iazko lehendabiziko bi etapa garaipenak ere bereak izan ziren. Herbeheretarrak begiz jota zeukan Aguraingo helmuga.
Garaipena eta lidertza Mischa Bredewoldentzat, Agurainen
Itzulia Womeneko 1. etapa esprintean bukatu da, eta Aguraingo helmugan Mischa Bredewold izan da azkarrena. Anna van der Breggenek eroriko larria izan du helmugarako 8 kilometro falta zirenean.
2025eko Itzulia Womeneko 1. etapako azken kilometroa eta esprinta
Mischa Bredewold SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra gailendu da Agurainen, Itzulia Womeneko aurreneko etapan; halaber, Bredewoldek, esprinta eskuratuta, maillot horia ere bereganatu du.
Bredewold nagusitasun handiz gailendu da Agurainen, eta bera izango da Itzuliko lehen liderra
Lehendabiziko etapa esprintean bukatu da, eta Mischa Bredewold izan da azkarrena helmugan. Anna van der Breggenek eroriko larria izan du helmugarako 8 kilometro falta zirenean.
Anna van der Breggenek erorikoa izan du Itzulia Womeneko 1. etapan
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra helmugarako 7,8 kilometro gelditzen zirenean erori da. Faborito nagusietakoa denak lasterketan jarraitu ahal izan du, eta etapa amaitu du.
Hamar mendate puntuagarri izango dira 2025eko Itzulia Women lasterketaren hiru etapetan
Hauek dira lasterketako hiru etapak: Zumarraga-Agurain, maiatzaren 16an, ostiralez, Ugao-Igorre, hilaren 17an, larunbatez, eta Donostia-Donostia, hilaren 18an, igandez. Euskal Herriko Itzuliaren laugarren ekitaldiaren aurkezpen ofiziala asteazkenean egin dute.