Adam Yatesek irabazi du Vueltako 9. etapa, erakustaldia emanda; O'Connorrek lidertza sendotu du
Adam Yatesek (UAE Emirates) irabazi du Espainiako Vueltako bederatzigarren etapa, eguneko ihesaldian ibili eta etapako azken 57 kilometroak lasterketa buruan bakarka eginda. Bestalde, Ben O'Connorrek (Decathlon-AG2R-La Mondiale) lidertza sendotu du, etapa hirugarren amaitu eta lau segundoko gainsaria jasota.
Liderrak 3 minutu eta 53 segundora du orain Primoz Roglic (Red Bull-BORA hansgrohe), bigarrena, eta 4 minutu eta 32 segundora Richard Carapaz (EF Education-Easy Pot), hirugarrena. Enric Mas (Movistar) laugarren dago, 4 minutu eta 35 segundora, eta Mikel Landa (Soudal Quick Step) bosgarren, 5 minutu eta 17 segundora.
Etapa hasieratik egon dira ihesaldi saiakerak. Tropelak ez du baimenik eman lehen kilometroetan, baina 24 txirrindularik osatutako talde batek aurrera egin du; Jonathan Lastra (Cofidis), Wout van Aert (Visma Lease a Bike), Stefan Kung (Groupama-FDJ), Nelson Oliveira (Movistar), David Gaudu (Groupama-FDJ), Adam Yates (UAE Emirates), Marc Soler (UAE Emirates) eta Jay Vine (UAE Emirates) ziren horien artean.
Ihesaldiko taldeak bost minututik gorako tartea atera dio tropelari. Hazallanasko lehen igoeran, Adam Yatesek jo du erasoa ihesaldiko tropeltxoan, eta bakarrik geratu da lasterketa buruan. Taldetxo hori erabat zatitu du Yatesen erasoak. Atzetik, Richard Carapazek egin du jauzi tropeletik. Carapazek ihesaldian ibili diren eta Yatesek hurbilen zituen txirrindulariak harrapatu ditu, eta Adam Yatesen bila jo du, Vine, Gaudu eta Pablo Castrillorekin (Kern Pharma) batera.
Yatesek atzetik zuen laukotea 2 minutu eta 45 segundora zuela ekin dio Hazallanasko bigarren igoerari. Gainera, laukotea bikote bihurtu da igoeraren hasieran, Gauduk eta Carapazek atzean utzi baituzte Castrillo eta Vine. Maldan gora metro batzuk egin ostean, Vinek ezin izan dio Carapazen erritmoari jarraitu.
Bestalde, tropelean Enric Masek (Movistar) jo du erasoa, eta Mallorcakoak aurrera egin du Pavel Sivakovekin (UAE Emirates) batera, baina Mas bakarrik geratu da. Atzean, taldetxoa osatu dute Ben O'Connor liderrak, Primoz Roglicek, Mikel Landak, Carlos Rodriguezek, Felix Gallek (Decathlon-AG2R-La Mondiale), Pavel Sivakovek eta Florian Lipowitzek (Red Bull-BORA hansgrohe).
Yates izan da lehena Hazallanasko gainean, Carapaz minutu eta erdi pasatxora zuela. Atzerago, Masek minutu eta bost segundora zuen bere aurkari zuzenen tropeltxoa mendate horretan.
Hazallanas bigarrenez gainditu ostean, txirrindulariek 18 kilometro egin behar izan dituzte helmugaraino, goitik behera. Jaitsieran, Enric Masek sustoa izan du, erortzeko zorian egon baita, eta atzekoek zertxobait murriztu dute Mallorcakoarekiko desabantaila.
Etapa garaipenerako lehian, Richard Carapazek ezin izan du Adam Yates harrapatu, eta britainiarrak bereganatu du garaipena. Carapaz izan da bigarren, minutu eta 38 segundora.
Atzetik, liderraren eta faboritoen tropeltxoak Enric Mas harrapatu du helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirenean; beraz, Vuelta irabazteko hautagai nagusiak elkarrekin helmugaratu dira, etapako irabazleak baino 3 minutu eta 52 segundo gehiago eginda. Helmugan, O'Conorrek lau segundoko gainsaria jaso du, gainera, etapan hirugarren izan baita. Mikel Landak laugarren postuan gurutzatu du helmugako marra.
Etapako sailkapena
1 - YATES Adam (UAE) 4:42:28
2 - CARAPAZ Richard (EF) + 1:39
3 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 3:45
4 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.
5 - LIPOWITZ Florian (BORA) d. b.
6 - SIVAKOV Pavel (UAE) d. b.
7 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d. b.
8 - ROGLIC Primoz (Red Bull) d. b.
9 - GAUDU David (Groupama) d. b.
10 - MAS Enric (Movistar) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - O'CONNOR Ben (Decathlon) 36:09:36
2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 3:53
3 - CARAPAZ Richard (EF) + 4:32
4 - MAS Enric (Movistar) + 4:35
5 - LANDA Mikel (Soudal) + 5:17
6 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 5:29
7 - YATES Adam (UAE) + 5:30
8 - GALL Felix (Decathlon) d. b.
9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 6:00
10 - GAUDU David (Groupama) + 6:32
Zure interesekoa izan daiteke
Luis Zubero Kas taldeko txirrindulari historikoa hil da, 77 urte zituela
Zubero, Zeberiokoa bera, euskal taldean aritu zen 1968tik 1974ra. Hiru itzuli handiei dagokienez, lau aldiz izan zen Frantziako Tourrean, hirutan Italiako Giroan eta behin Espainiako Vueltan.
Israel-Premier Techek izena aldatuko du 2026an, "egungo israeldar nortasunetik aldentzeko" helburuarekin
Txirrindulari talde profesionalak aldaketa estrategiko bat iragarri du, eta bere egiturari eta irudiari eragingo die, errepideetako tentsioak eta protestek markatutako urte baten ostean.
Vueltako azken etapa bertan behera utzi dute Madrilen, Gazako genozidioa salatzeko protestak direla eta
Milaka manifestarik errepidea hartu dute Madril erdigunean, eta Poliziak haien kontra egin du. Istiluak izan dira, eta antolatzaileek etapa bertan behera uztea erabaki dute.
Vingegaard nagusitu da Bola del Mundon, eta Vuelta erabakita utzi du
Vingegaardek helmugatik 1,2 km-ra jo du erasoa, eta ia lau orduko denbora eginda irabazi du etapa. Sepp Kuss taldekidea helmugaratu da jarraian, 11 segundora, eta Jai Hindley australiarra, ondoren, 13ra.
Jasper Philipsenek irabazi du Guijueloko esprinta, eta hiru garaipen daramatza 2025eko Vueltan
Alpecin-Deceuninckeko txirrindulari belgikarra argi gailendu da Salamancako herrian, eta Mads Pedersen (Lidl-Trek) helmugaratu da bigarren. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan, baina Vingegaardek lau segundoko gainsaria eskuratu du.
Ganna nagusitu da Valladolideko erlojupeko laburtuan, eta Almeidak 10 segundo kendu dizkio Vingegaardi
Gannak 13 minutuan egin du ibilbidea, orduko 56,2 kilometroko abiaduran, eta Jay Vine (UAE) australiarra eta Joao Almeida (UAE) portugaldarra sailkatu dira horren atzetik, segundo bakarrera eta 7 segundora hurrenez hurren.
Espainiako Vueltako Valladolideko erlojupekoak 12.2 kilometro izango ditu, ez 27.2, protestengatik
Lasterketako hamazortzigarren etapako ibilbideari (ostegunean jokatuko dute hori) 15 kilometro kendu dizkiote, "babes handiagoa eman ahal izateko", Palestinaren aldeko eta Israelen eta Israel-Premier Tech taldearen aurkako protestak tarteko.
Pellizzarik garaipena lortu du El Morrederoko gailur kiskalian
Bestalde, Vingegaardek maillot gorriari eutsi dio. Danimarkarrak Almeidarekiko 50 segundoko aldea du, eta Pidcockekiko 2:28koa.
Bernalek Landa gainditu du hamaseigarren etapako helmuga neutralizatuan
Kolonbiarrak ezohiko esprint batean irabazi dio arabarrari. Poio eta Mos/Castro de Herville arteko ibilbidea neutralizatu dute helmugatik 8 kilometrora, amaieratik gertu Israelen aurka egiten ari ziren protestengatik.
Mads Pedersen nagusitu da Monforte de Lemosen
Danimarkako txirrindulariak (Lidl-Trek) lasterketako 15. etapa irabazi du, 4 ordu, 2 minutu eta 13 segundoko denbora eginda. Ondoren, Orluis Aular venezuelarra eta Marco Frigo italiarra helmugaratu dira. Sailkapen nagusian, bestalde, Vingegaardek lidegoari eutsi dio.