Zesta-punta
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sei bikote arituko dira 2026ko Euskotren Women Winter Seriesen, martxoaren 2tik 23ra bitartean

Maite-Oaia, Ihart-Maia, Erika-Frida, Lur-Maialen, Elaia-Eneritz eta Helena-Arai izango dira txapelketako laugarren ekitaldian, Durangon. Halaber, Ezkurdi Jai Alai Master Seriesen, Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika arituko dira txapelen bila.

Euskotren Winter Serieseko finala martxoaren 23an jokatuko dute.

Euskotren Women Winter Series txapelketa martxoaren 2an hasiko da. Argazkia: Eraman!

Sei bikote arituko dira, txapelen bila, 2026ko Euskotren Women Winter Seriesen, martxoaren 2tik aurrera, alegia, hurrengo astelehenean hasita, Ezkurdi pilotalekuan, Durangon. Txapelketa asteartean aurkeztu dute Bizkaiko udalerri horretan, eta finala martxoaren 23rako dago aurreikusita. Laugarren ekitaldian, bikote hauek izango dira: Maite-Oaia, Ihart-Maia, Erika-Frida, Lur-Maialen, Elaia-Eneritz eta Helena-Arai. Halaber, martxoaren 9tik aurrera, Durangon ere, Ezkurdi Jai Alai Master Series txapelketa jokatuko dute, eta lau bikote hauek izango dira bertan: Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika.

Hala, Euskotren Winter Seriesen, aurreko ekitaldiekin alderatuta, bi bikote gehiago lehiatuko dira, eta final laurdenetako eta finalerdietako kanporaketak izango dira, finala jokatu aurretik. 2025-2026ko Jai Alai Ligako bigarren txapelketa, arestian esan bezala, martxoaren 2an hasiko da, eta final laurdenetako neurketak izango dira jokoan egun horretan: Maitek eta Oaiak Ihar eta Maia izango dituzte aurkari, eta Erika eta Frida eta Lur-Maialen bikoteak arituko dira nor baino nor gehiago.

Hurrengo astelehenean, hilaren 9an, finalerdiak hasiko dira: Elaia-Eneritz bikoteak Erika-Frida edo Lur-Maialen izango du aurkari. Eta hilaren 16an, Helena-Arai Euskotren Winter Serieseko egungo txapeldunak lehian hasiko dira, Maite-Oaia edo Ihart-Maia bikoteen aurka.

Finalerdietako partida horietako irabazleek izango dituzte txapelak jokoan, final handian, martxoaren 23an, astelehenez ere. EITBk, ETB1en eta kirolakeitbeitb.eus-en bidez, astelehen gauetan, finalerdiak eta final handia emango ditu, martxoaren 9an, 16an eta 23an.

Ezkurdi Jai Alai Master Series

Horrez gain, hilaren 9an, 16an eta 23an, Ezkurdi Jai Alai Master Series txapelketa ere izango da jokoan; orain, puntistak bikoteka arituko dira horretan, ez banaka. Jai Alai Ligako seigarren proban, bikote hauek arituko dira: Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika. Nabarmentzeko modukoa da Atainek, Gorka Mugartegik, debuta egingo duela Ligako pilotari titular bezala, eta, halaber, Manci lehiara bueltatuko dela; azken hori abenduan lesionatu zen, Eusko Label Winter Series jokatzen ari zirenean.

Lehenengo finalaurrekoan, martxoaren 9an, Erkiaga eta Atain Laduche-Manci bikotearen aurka arituko dira; bigarrenean, ordea, Olharanek eta Zabalak Urreisti eta Lekerika izango dituzte aurkari. Partida horietako irabazleek jokatuko dute finala, martxoaren 23an. ETB1ek eta kirolakeitb.eus-ek partida guztiak emango ditu.

2026ko Euskotren Jai Alai Winter Serieseko egutegia

Final laurdenak

Martxoaren 2an

Maite-Oaia vs Ihart-Maia

Erika-Frida vs Lur-Maialen

Finalerdiak

Martxoaren 9an

Elaia-Eneritz vs Erika-Frida edo Lur-Maialen

Martxoaren 16an

Helena-Arai vs Maite-Oaia edo Ihart-Maia

Finala: martxoaren 23an

2026ko Ezkurdi Jai Alai Master Serieseko egutegia

Finalerdiak

Martxoaren 9an

Erkiaga-Atain vs Laduche-Manci

Martxoaren 16an

Olharan-Zabala vs Urreisti-Lekerika

Finala: martxoaren 23an

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X