Fitxaketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Osasunak Romain Del Castillo aurrelaria fitxatu du

Del Castillo, 30 urtekoa bera, Brest taldetik iritsi da Osasunara, alegia, Frantziako Ligatik. Nafarroako klubak milioi bat euro ordaindu du jokalaria fitxatzeko, baina, hainbat aldagai beteta, beste 450.000 euro ere ordain litzake. Futbolariak bi denboraldirako sinatu du, eta beste denboraldi batez luza dezake.

Romain Del Castillo (Osasuna)

Romain Del Castillo gutxienez 2028ra arte arituko da Osasunan. Irudia: Osasuna.

Osasunak Romain Del Castillo aurrelari frantziarra fitxatu du, asteartean Nafarroako klubak iragarri duenez. Del Castillo, 30 urtekoa bera, Brest taldetik iritsi da Osasunara, alegia, Frantziako Ligatik; klub gorritxoak milioi bat euro ordaindu du jokalaria fitxatzeko, baina, hainbat aldagai beteta, beste 450.000 euro ere ordain litzake. Futbolariak bi denboraldirako sinatu du, eta beste denboraldi batez luza dezake.

Brestek, Osasunak zehaztu duenez, balizko salmentaren gainbalioaren % 15 izango luke. Del Castillok hamar milioi euroko etete klausula izango du. Esperientzia handia du Frantziako goreneko mailan, Ligue 1 txapelketan; izan ere, 220 partida jokatu ditu bertan. Txapeldunen Ligan Europa Ligan eta Konferentzia Ligan ere ibili da. Bresten, guztira, 151 partidatan zelairatu da Del Castillo, eta 30 gol sartu eta 31 asistentzia eman ditu. Bere ibilbidean, profesionaletan, honako talde hauetan aritu da: Olympique Lyon, Bourg-Peronnas, Nimes eta Rennes.

Frantziako selekzioarekin, 21 urtez azpiko talderako hautatu zuten. Ezkertia da, eta Osasunak nabarmendu du trebetasun handia duela geldikako jokaldietarako. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X