Budimirrek Osasunaren garaipena sinatu du Getaferen aurka (1-0)
Osasunak denboraldi hasiera onari eustea lortu du Getaferen aurka, Sadarren, eta, partida parekatua izan arren, garaitezin jarraitzea lortu du.
Budimir, Getaferen aurkako gola ospatzen. Irudia: EFE
Osasunak 1-0 garaitu du Getafe, Sadarren, EA Sports Ligako hirugarren jardunaldian. Talde gorritxoak ondoz ondoko bigarren garaipena lortu du, Ante Budimirren golari esker, eta bosgarren postuan kokatu da sailkapenean, zazpi punturekin.
Lehen zatian, Jorge Herrando lesionatu egin da eta Boyomok ordezkatu du, baina atsedenaldira iritsi orduko etorri da gertakari erabakigarria. Djenék Ante Budimirri heldu dio area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du, VARak jokaldia berrikusi ondoren.
Aurrelari kroaziarrak erantzukizuna hartu eta 1-0ekoa jarri du markagailuan, hamaika metroetatik gogor jaurtita. Gol horrekin, aldagelara aurretik joan da Osasuna.
Getafek bigarren zatia hasi eta gutxira aurkitu du berdinketa, baina gola ez da markagailuan igo. Andres Garciak jaurtiketa egin du Enes Ünalen oinetara, eta aurrelari turkiarrak sare barrura bidali du baloia. Hala ere, epaileak ekintza baliogabetu du, Ünal jokoz kanpo zegoela iritzita.
Bisitariek berdinketaren bila jarraitu dute eta Terratsek izan du aukera onenetako bat. Osasunak ere bere abantaila handitzeko aukera izan du, Kike Barjaren jaurtiketa batekin. Azkenean, talde nafarrak garaipena lortu, eta, horri esker, sailkapenaren goiko aldean jarraituko du.