EA Sports Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Athleticek porrota jaso du Getaferen aurka, eta Europako postuetatik urrundu da (2-0)

Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ia ez dute aurkariaren atea urduritu, eta amore eman dute Getaferen aurrean.

GETAFE (MADRID), 05/04/2026.- El futbolista del Getafe CF Martín Satriano (i) lucha por el balón con Daniel Vivian (d), del Athlétic de Bilbao, durante el partido de LaLiga EA Sports disputado en el Estadio Coliseum de Getafe este domingo. EFE/ Mariscal
Getafe vs Athletic Argazkia: EFE

Athleticek bere bertsiorik txarrena erakutsi du berriz ere San Mamesetik urrun, eta esku hutsik joan da Coliseum zelaitik, ahazteko moduko partida bat jokatu ostean. Zirkulazioan argitasunik gabe eta azken metroetan asmatu gabe, zuri-gorriek ez dute aurkariaren atea ia urduritu, eta bere kartak jokatzen jakin duen talde urdinaren aurrean amore eman dute. Vazquezek ireki du markagailua, eta Satrianok partida erabakita utzi du.

Yeray titular gisa itzuli den partidako lehen minutuetan, hurbilketa trukea izan da nagusi, benetako arrisku handirik sortu gabe. Bi taldeek aurkariaren zelaira iristea lortu dute, baina ez dute zehaztasunik izan azken metroetan. Hala ere, Getafek bere lehen abagune argiari etekina atera dio. 13. minutuan, Jose Bordalasek zuzentzen duen taldeak jo du lehenengo, Luis Vazquezi esker, Unai Simonek geldiketa bat egin eta gero, aldaratzea baliatu baitu markagailua estreinatzeko (1-0).

Golak jota utzi du Athletic, eta Getafe, berriz, erosoago, atzean ondo kokatuta eta intentsitate handiagoarekin aritu da. Hala ere, Bizkaiko taldeak berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du 26. minutuan: Gorka Guruzetak bigarren zutoinera erdiratu du, eta Alex Berenguerren errematea kanpora joan da, Boselli gainditu ostean.

Jokaldi horretatik harago, talde zuri-gorriak ez du irtenbiderik aurkitu Getaferen defentsa sendoa gainditzeko. Izan ere, ideia eta erasorako arintasun faltak taldel zuri-gorria kondenatu du.

Valverdek piezak mugitu ditu bigarren zatiaren hasieran, Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta zelaian sartu baititu Guruzeta eta Regoren ordez. Aldaketa horiekin, Athleticek bertikaltasuna lortu du.

Hala ere, Valverderen mutilen erasoak antzuak izan dira. Getafe, gasolina gutxiagorekin, atzean gotortu da, eta sufritzen jakin du. Ez du aukerarik eman, eta emaitzari eutsi dio. Gainera, ia partidaren amaieran, Satrianok Mario Martinen erdiraketa bat sare barrura bidali du (2-0).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X