De Marcosek lesioa du ezker orkatilan
Oscar De Marcosek lesioa du ezker orkatilan eta baja da larunbateko, abenduaren 16ko, Atletico Madrilen kontrako partidarako. Klubak jakinarazi duenez, hegaleko jokalariak "entorsia du ezker orkatilan, eta horrek San Mamesen jokatuko den Atletico Madrilen aurkako partidarako deialdian sartzea galarazi dio".
Gainera, Guardiako (Araba) futbolaria zalantza da hilaren 20ko Las Palmasen kontrako norgehiagokarako ere bai.
Bestalde, Athleticek gaineratu du Iker Muniain ere baja izango dela Atleticoren aurkakoan. "Iker Muniain ezin izan da taldekideekin batera entrenatu, sukarrak jota egon delako", adierazi du klubak osasun-txostenean. Hala, bada, Nafarroako erdilaria larunbateko neurketarako deialditik at geratu da.