Eurokoparen aurkako mezua zeraman drone bat erori da San Mamesera
Drone bat agertu da San Mamesen, larunbat honetan jokatu den Santander Ligako 28. jardunaldiko Athleticen eta Eibarren arteko partidaren bigarren zatian (1-1).
2020ko Eurokopa Bilbon egitearen aurkako pankarta bat zeraman aparailu hegalariak; izan ere, Bizkaiko hiriburua, Europako beste 11 hiribururekin batera, ekainaren 11tik uztailaren 11ra egingo den Europako futbol-selekzioen txapelketaren egoitza da.
Aipatu droneak 'Bilbao 2020 Eurokopa honi ez ' leloa zeraman laranja koloreko pankarta garraiatzen zuen, eta Pizarro Gomez epaileak jokalekutik kendu du partidaren 68. minutuan, jokalarien artean ezbeharrik sortu gabe.
San Mames Eurokopako egoitzetako bat izango da. Bertan, E multzoko hiru partida, eta final-zortzirenetako neurketa bat jokatuko dira. Multzo horretako beste hiru partida Dublinen jokatuko dira, baita final-zortzirenetako bat ere. E multzoa Espainia, Polonia, Suedia eta Eslovakiako selekzioek osatuko dute, eta San Mamesen Espainiaren hiru partidak jokatuko dira, baita zehaztu gabeko final-zortzirenetako bat ere, sailkapenaren arabera erabakiko dena.