Callerik puntu bat eman dio Alavesi luzapenean
Alavesek eta Getafek bana berdindu dute Mendizorrotzan, Amath Ndiaye senegaldarrak eta Jonathan Calleri argentinarrak sartutako golekin. Intentsitate handiz jokatutako partida izan da, eta Ibai Gomezek lehen zatian penalti bat hutsegin du.
Norgehiagoka azken 15 minutuetan erabaki da, talde biek aurretik jartzeko zenbait aukera izan ostean. Alabaina, Jose Bordalasek entrenatzen duen Getafek hartu du aurre markagailuan, 80. minutuan.
Partidaren ia azken jokaldian etxekoek berdindu egin dute harmailaren bultzadaren laguntzaz, eta, lortutako puntuari esker, Europako postuei eustea lortu dute, nahiz eta jarraian lortutako garaipenen bolada eten zaion.
Lehen zatian, madrildarrak izan dira aurkariaren areara gehien hurbildu direnak. Hala, 25. minutuan Angelek izan du aukera, nahiz eta apur bat baztertu zegoen. Baina jaurtiketa ahalegina egin du, eta Pachecok lan egin behar izan du baloia aldentzeko.
Ondoren, ia jarraian, Bordalesen mutilek lehen zatian izan duten abagunerik nabarmenena heldu da. Jaime Mata aurrelariak Ximo Navarro Alaveseko atzelariaren kontrol txar bat aprobetxatu du eta Pachecoren aurrera heldu da, baina bien arteko buruz burukoan gasteiztarren atezainak asmatu du.
Horixe izan da Alavesen unerik okerrena lehian zehar. Aitzitik, kanpotarrak erasoan zebiltzanean, etxekoek kontra-eraso bat antolatu dute, eta Mauro Arambari defentsak Calleri aurrelariari falta egin dio area barruan. Arbitroak penalti puntua adierazi du (40. min).
Haatik, Ibai Gomezek, taldeko golegilerik onena orain arte, ez du aukera baliatu bere taldeari abantaila emateko. David Soria atezainak igarri egin dio nora jaurti nahi zuen Santutxukoak, eta aukera ezerezean geratu da. Horrela iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Alaves beste gar batekin zelairatu da, eta Ibai Gomezek erdiratutako falta batean, Laguardiak langara errematatu du buruz 52. minutuan.
Partida hutsean amaitzeko bidean zegoenean, Jaime Mata aurrelariak baloi bat kontrolatu du area ertzean eta Amath Ndiayeri utzi dio. Senegaldarrak bortitz jaurti eta gola lortu du.
Bideoarbitrajeak jokaldia gainbegiratu du, Jaime Matak bere kontrolean eskua erabili ote duen argitzeko, baina, azkenerako ontzat eman dute gola, etxeko jokalarien etsipenaren aurrean.
Norgehiagokaren azken 10 minutuetan Abelardoren jokalariak gogotsu aritu dira berdinketa lortu nahian, eta hala iritsi da Calleriren gola buruz, Ximo Navarrok eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat bikain errematatuta.
Fitxa teknikoa:
Deportivo Alaves 1: Pacheco; Aguirregabiria, Laguardia, Ximo, Duarte; Jony, Brasanac, Wakaso (Manu García, 62. min), Ibai Gomez (Burgui, 80. min); Sobrino (Guidetti, 73. min) eta Calleri.
Getafe 1: David Soria; Damian Suarez, Bruno, Djene, Cabrera; Portillo, Arambarri (Markel Bergara, 77. min), Maksimovic, Amath (Foulquier, 84. min); Mata eta Angel (Jorge Molina, 70. min).
Golak: 0-1, 80. min: Amath. 1-1, 93. min: Calleri, buruz.
Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Wakaso, Manu Garcia, Jony eta Brasanac (Alaves); Arambarri eta Maksimovic (Getafe).
Zure interesekoa izan daiteke
Dafne Triviño: “Alavesek prozesuan sinetsi du, eta emakumezkoen taldea lehen mailara igotzea da saria"
Bigarren mailan hiru denboraldi gogor eman ostean, Alaveseko emakumezkoen taldea maila gorenean lehiatuko da datorren denboraldian. Dafne Triviño kirol arduradunak klubaren konpromisoa azpimarratu du. "Alavesek prozesuan sinetsi du", horren arabera, eta konfiantza hori funtsezkoa izan da emakumezkoen futboleko maila gorenera igotzeko helburua lortzeko.
Ander Guevara: “Alavesekin 100 partida betetzea gauza inportantea da niretzat"
28 urteko gasteiztarrak 100. partida jokatu zuen Arabako taldearekin aurreko asteburuan, Osasunaren aurkako derbian. Asteburu honetarako beste erronka bat dauka: Alavesek Realaren aurka jokatuko duen derbia irabaztea.
Sanchez Flores: “Ondo lehiatzeko eta aurkari ona izateko asmoa dugu”
Quique Sanchez Flores Alavesen entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du, Realaren aurkako derbiari buruz hitz egiteko. Aurkariaren kalitatea azpimarratu du, eta adierazi du ahalik eta ondoen lehiatzeko gogoz jardungo dutela. (Adierazpenak, gaztelaniaz).
Angel Perez, Realaren aurkako derbiari buruz: “Badakigu ez dela batere erraza izango, baina hiru puntuak nahi ditugu”
Angel Perez Alavesen jokalariak prentsaurrekoa eman du babazorroek asteburu honetan Realaren aurka jokatuko duten derbiari buruz hitz egiteko.
Toni Martinez: “Atzetik hasten zarenean partida bikoitza da"
Toni Martinez Alaveseko jokalariaren adierazpenak, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan Osasunaren aurka 2-2 berdindu ondoren.
Elene Errasti: “Egun berezia da, inoiz ahaztuko ez duguna"
Gloriosas Alaveseko jokalariak maila gorenera igo ostean hitz egin du.
Alaves Gloriosas lehen mailara igo da!
Europaren aurkako garaipenari eta Valentziarekiko puntu aldeari esker, Gasteizko taldeak igoera zuzena ziurtatu du.
Sanchez Flores: “Partida bakoitza irabaztera irten beste aukerarik ez dugu ikusten"
Quique Sanchez Flores Alaveseko entrenatzaileak "finala" balitz bezala hartu du igandean Osasunaren aurka jokatuko duten derbia. Geldialdiak Alavesi taktika lantzeko aukera eman diola azpimarratu du, partida horri begira baikor agertu da, eta "arima osoa" eta "energia guztia" jarriko dutela esan du.
Pablo Ibañez, igandeko Alaves-Osasuna derbiaz: “Partida oso berezia izango da niretzat”
Kirol ibilbide osoa Osasunan eman eta gero, Alaveseko erdilariak taldekide ohiak izango ditu aurkari Mendizorrotzan. Derbian, Gasteizko taldea saiatuko da islatzen Sanchez Flores entrenatzaileak jokalariei adierazi diena.
Andrea Esteban: “Asteburu honetan taldea maila gorenera itzuliko dela ziurtatzea espero dut"
Hain zuen, Valentziak Bartzelona B liderraren zelaian jokatuko du; beraz, Valentziak galdu edo berdintzen badu eta Alavesek Cacereño mendean hartzen badu, babazorroak maila gorenean arituko dira datorren denboraldian.