Christian Eriksenek "egonkor" jarraitzen du eta ospitalean segituko du
Christian Eriksen Danimarkako jokalariaren osasun-egoerak "egonkorra" izaten jarraitzen duela, baina ospitaleratuta segituko duela jakinarazi du igande honetan Danimarkako Futbol Federazioak, larunbatean, Finlandiaren aurkako Eurokopako neurketa jokatzen ari zela, pairatu zuen bihotzeko-krisialdiaren ostean.
"Gaur goizean Christian Eriksenekin hitz egin dugu, eta hark goraintziak bidali dizkie taldekideei. Bere egoera egonkorra da eta ospitaleratuta jarraituko du, osasun-azterketa zabalagoak egiteko", adierazi du aipatu federazioak kaleratu duen oharrean.
Ohar horretan azaltzen denaren arabera, Danimarkako gainerako jokalariek zein beste langileek "krisi-egoeratarako laguntza jaso dute". Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkiete zale, jokalari, Danimarkako eta Ingalaterrako errege-familia, nazioarteko elkarte, klub eta abarrei "Christian Erikseni emandako babesagatik", gaineratu du federazioak.
Eriksen konorterik gabe erori zen partidako 43. minutuan, eta Kopenhageko Parken Stadioko futbol-zelaiko osasun-langileek ia 15 minutuz artatu behar izan zuten berdegunean. Ondoren, ospitalera eraman zuten.