2026ko egutegia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eusko Label eta Euskotren Ligak ekaineko azken asteburuan hasiko dira Madrilen

Galizian bi asteburuz lehiatuko dira; uztailaren 17-18an eta abuztuaren 29-30ean. Euskotren Liga abuztuaren 22-23an amaituko da Zarautzen eta Eusko Label Liga irailaren 19-20an Bermeon eta Portugaleten.

Muntaia Orio eta Arraun Lagunak Zarauzko Ikurrina

Orio eta Arraun Lagunak, 2025eko ontzirik indartsuenak. Argazkiak: Efe.

"Bandera Pueblos con Vida Comunidad de Madrid – Canal Isabel II" izango da 2026ko denboraldiari hasiera emango dion estropada. Hala erabaki dute ACTko klub bazkideek, denboraldiko egutegia onartuta. Urteko hirugarren ohiko batzarra egin dute Orion, eta bertan egutegiaren eta aurrekontuaren onarpena izan dira puntu aipagarrienak.

Eusko Label Liga eta Euskotren Liga ekaineko azken asteburuan hasiko dira, Buitrago del Lozoyan, non igandean (ekainak 28) inaugurazio jardunaldia jokatuko den, Riosequilloko urtegian. Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko da, 6 luze eta 5 ziaboga gizonezkoetan eta 4 luze eta 3 ziaboga emakumezkoetan.

Ligak uztaileko lehen asteburuan iritsiko dira Bizkaira, Bilboko eta Zierbenako jardunaldiekin (uztailak 4 eta 5). Hurrengo asteburuko larunbatean eskifaiek CaixaBank Bandera jokatuko dute Castro-Urdialesen eta Gipuzkoa bisitatuko dute igandean Orioko uretan.

Galiziako bi asteburuak

Eusko Label eta Euskotren ligak uztailaren 18an eta 19an joango dira lehen aldiz Galiziara. Larunbatean Chapela igoberriaren etxean jokatuko da estropada eta igandean Bueuk anfitrioi lanak egingo ditu.

Zarauzko Ikurrina izango da Euskotren Ligari amaiera emango dion hitzordua, eta abuztuaren 22 eta 23ko asteburuan jokatuko da jardunaldi bikoitza. 

Eusko Label Ligako traineruak abuztuaren 29an eta 30ean lehiatuko dira bigarrenez Galizian, Boiron eta Aresen, hurrenez hurren. Play Offeko bi jardunaldiak eta Eusko Label Ligako amaiera irailaren 19an eta 20an jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X