Bredewoldek lider sendoa dela erakutsi du, bigarrenez jarraian irabazita
Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarrak erakutsi du oraingoz behintzat bera dela txirrindularirik indartsuena aurtengo Itzulian. Ostiralean, lehendabiziko etapan, nagusitasun handiz irabazi zuen esprintean, eta gaur ere bera izan da azkarrena Igorreko helmugan.
Liane Lippert (Movistar) alemana eta Soraya Paladin (Canyon) italiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Usoa Ostoloza (Laboral Kutxa) zarauztarrak, berriz, seigarren tokian amaitu du Ugao eta Igorre artean lehiatu den 116 kilometroko etapa.
Bukaeran emozio handia izan da. Mugimendu asko egon dira azken 15 kilometroetan, baina Silke Smulders (Liv-AlUla-Jayco), Rosita Reijnhout (Visma) eta Mareille Meijering (Movistar) herbeheretarrak iritsi dira lasterketaren buruan Igorrera, 20 segundoko tartearekin.
Demi Volleringen taldeak erritmoa areagotu du, eta tropelak azken kilometroan irentsi ditu Smulders eta Reijnhout. Meijeringek, berriz, aurrera jo du, eta helmugarako 500 metroren faltan harrapatu dute.
Igorreko helmugan, Bredewold izan da, beste behin, tropeleko azkarrena, eta nagusitasunez irabazi du bigarren etapa. Iazko edizioan ere, lehendabiziko bi etapak irabazi zituen, eta azken jardunaldian galdu zuen maillot horia, Volleringen mesedetan.
Ikusteko dago bihar, Donostian jokatuko den azken etapan, zer gertatzen den, baina, gaur-gaurkoz, txirrindulari herbeheretarrak erakutsi du lider sendoa dela.
Bestalde, Anna Van der Breggenek (SD Worx) lasterketa utzi du, atzoko erorikoaren ondorioz. Gaurko etapan ez da atera, eta etxerako bidea hartu, ahalik eta arinen sendatzeko asmoz.
ETAPAKO SAILKAPENA
1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx) 3:08:19
2. LIPPERT Liane (Movistar) d.b.
3. PALADIN Soraya (CANYON) d.b.
4. VAN DAM Sarah (CERATIZIT) d.b.
5. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) d.b.
6. OSTOLAZA Usoa (Laboral Kutxa) d.b.
7. VAN ANROOIJ Shirin (Lidl-Trek) d.b.
8. SWINKELS Karlijn (UAE) d.b.
9. CIABOCCO Eleonora (Picnic PostNL) d.b.
10. TON Quinty (Liv AlUla Jayco) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. BREDEWOLD Mischa (SD Worx) 7:00:00
2. LIPPERT Liane (Movistar) +0:12
3. VAN DE VELDE Julie (AG Insurance-Soudal) +0:15
4. VIGIÉ Margaux (Visma | Lease a Bike) +0:17
5. PALADIN Soraya (CANYON) d.b.
6. VOLLERING Demi (FDJ - Suez) +0:19
7. VAN AGT Eva (Visma | Lease a Bike) d.b.
8. MIERMONT Dilyxine (CERATIZIT) d.b.
9. SEGATO Gaia (BePink - Imatra - Bongioanni) d.b.
10. JASKULSKA Marta (CERATIZIT) +0:20
Zure interesekoa izan daiteke
Itzulia Womeneko bigarren etapa ere Bredewoldek irabazi du
Mischa Bredewold (SD Worx) herbeheretarrak Itzulia Womeneko bigarren etapa ere bereganatu du. Igorreko helmugan ere bera izan da azkarrena, eta lasterketa irabazteko pauso garrantzitsua eman du.
2025eko Itzulia Womeneko 2. etapako azken kilometroa eta esprinta
Mischa Bredewold SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarrak lider jarraitzen du Itzulia Womenen, bigarren etapa ere irabazita; sprintean nagusitu da, eta maillot horiari eutsi dio. Usoa Ostolaza, berriz, seigarren sailkatu da Igorreko helmugan.
2025eko Itzulia Womeneko 2. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Ugao-Igorre (116 km)
Jardunaldiak lau mendate puntuagarri izango ditu; horietako bat, Lamindao, 2. mailakoa. Itzuliko laugarren ekitaldiko bigarren etapan, txirrindulariak Bizkaian eta Araban ibiliko dira.