Euskal Kopa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zuazok Euskal Kopa irabazi du Bera Berari oso final parekatua irabazita (23-25)

Zuazo Barakaldok irabazi du Euskal Kopa, Super Amara Bera Bera, maila goreneko liderra, Oñatin mendean hartuta.

zuazo

Bera Bera vs Zuazo (23-25)

Zuazo Barakaldok irabazi du Euskal Kopa, ostiral honetan Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatutako finalean Super Amara Bera Bera 23-25 garaituta, neurketa estu eta lehiatuan.

Donostiako taldeak hobeto hasi du partida, defentsan sendo eta erasoan eraginkor, eta lehen minutuetan aldea lortu du (4-1). Hala ere, minutuek aurrera egin ahala, Zuazok neurketa berdindu du, Ferreira atezainaren geldiketa garrantzitsuei eta aurkariaren akatsei esker, eta atsedenaldira berdinduta iritsi dira (10-10).

Bigarren zatian, norgehiagokak oso parekatuta jarraitu du, eta bi taldeek une onak izan dituzte. Zuazok defentsan gogortu du jokoa une erabakigarrietan, eta egoerari ondo eutsi dio, jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan duenean ere. Bera Berak, ordea, ez ditu bere aukerak baliatu.

Azken minutuetan, Bizkaiko taldearen eraginkortasuna erabakigarria izan da. Permach, Saiz eta López protagonista izan dira, eta Zuazok abantaila eskuratu du eta azkeneraino eutsi dio. Azkenean, Landeraren gol batek ziurtatu du Zuazoren garaipen (23-25).

Garaipen honek asko balio du Zuazorentzat, bigarren mailan ari den taldeak Guerreras Ligako liderra garaitu baitu, Donostiako taldeak euren selekzioekin aritzen diren jokalarien bajak izan baditu ere.

Publizitatea
X
Publizitatea
X