Hondarribiak garaipen handia lortu du Orion, ezustekoa emanda
Hondarribiak ezustekoa eman du Eusko Label Ligako 12. jardunaldian, Orio Kanpina Bandera bereganatu baitu, bigarren txandan aritu arren, estropada ikusgarria eta lan bikaina eginda. Zierbena izan da bigarrena eta Getaria hirugarrena. Gaur arte jaun eta jabe izan den Urdaibaik, berriz, bosgarren tokian amaitu du estropada, Lekittarraren atzetik.
Hondarribia bigarren txandan aritu da, eta berak ezarri du denborarik onena: 20 minutu eta 59 segundo. Getaria iritsi da ondoren (+9), Lekittarraren (+11) eta Caboren aurretik (+26).
Ama Gudalupekoaren marka hobetzeko asmoarekin itsasoratu dira Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Orio ohorezko txandan.
Lau traineruak parean joan dira hasieratik, eta lehen ziaboga ere hala egin dute. Bigarren luzean, baina, Zierbenak aurrea hartu du, bospasei segundoko aldea zabalduz Urdaibai eta Donostiarrarekiko, eta zortzikoa Oriorekiko.
Lau ontzien arteko distantziak bere horretan mantendu dira hurrengo luzeetan, baina denborak kontuan hartuta, Zierbena soilik egon da Hondarribiari Orioko Bandera lehiatzeko moduan.
Bizkaitarrak izan dira nagusi ohorezko txandan, baina gipuzkoarrek baino lau segundo gehiago behar izan dituzte lana amaitzeko, 21 minutu pasatxo, hain zuzen ere. Une horretan hasi dira ospakizunak Ama Guadalupekoa traineruan, eta ez zen gutxiagorako, denboraldiko lehen bandera eskuratu baitu Hondarribiko ontziak.
Bestalde, Zierbenaren atzetik sartu dira Urdaibai (+6), Donostiarra (+12) eta Orio (+25). Bermeotarrak nagusi izan dira orain arte jokatu diren estropada ia guztietan, baina gaurkoan, lehen aldiz, ez dira garaipenerako lehian izan, eta ezin izan dute bigarren txandan aritu diren Getariaren eta Lekittarraren denborak hobetu. Horrenbestez, Bou Bizkaia ontziak bosgarren tokian amaitu du Orioko Bandera.
Edonola ere, Urdaibai da oraindik Eusko Label Ligako liderra, 137 punturekin, eta bigarren tokian dago Zierbena, 127rekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Miren Garmendia eta Joseba Amunarriz, denboraldiko patroirik onenak
Gaur banatu dira denboraldiko patroirik onenen sariak. Bai gizonen eta bai emakumezkoen kasuan Hondarribiko patroiei eman dizkiete, Miren Garmendia eta Joseba Amunarrizi, hain zuzen ere.
Joseba Amunarriz: ''Berriz gora iristeko, pauso bat eman behar dugu atzera; eta hori ari gara lantzen''
Joseba Amunarriz Hondarribiaren ikurretako bat da zalantzarik gabe. Ia bizi guztia darama berdeen patroi lanetan eta lorpen handiak eskuratu ditu. Berarekin izan gara eta helburu bat badu denboraldi honetarako: Ama Guadalupekoarekin bere 94. bandera astintzea.
2025eko Eusko Label Ligako Orio Kanpina Bandera: Hondarribiaren estropada, traineru barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Orio Kanpina Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.
2025eko Eusko Label Ligako OMC-Valves Bandera: Hondarribiaren estropada, traineru barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Pasai Donibaneko uretan jokatu den OMC-Valves Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.
2025eko Eusko Label Ligako Petronor Bandera: Hondarribiaren estropada, ontzi barrutik ikusita
Hondarribia hirugarren izan da Eusko Label Ligako Petronor Banderan. Bideo honetan ikus dezakezu nola bizi izan duten estropada arraunlariek eta patroiak ontzi barrutik, minikameraren irudiei esker.