Mañasek puntu bat lortu du Alavesentzat Malagaren aurka (1-1)
Alavesek asko sufritu du ostiral honetan Malaga azken sailkatuaren aurka bana berdintzeko Mendizorrotzan jokatu den EA Sports Ligako 10. jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Etxean futbol gutxi erakutsi duten babazorroek puntu bat lortu dute Mañasen golari esker azken minutuetan, Niñok lehen zatian sartutako gola berdinduz.
Partidako lehen minutuetan baloia batez ere zelai erdian ibili da. Bi taldeek aurkaria haztatu nahi izan dute, beraz, ez da hurbilketa edo abagune oparorik ikusi.
Izan ere, partidako lehen abagunea ez da 14. minutura arte iritsi. Nahuel Tenagliak kontraeraso azkar bat baliatu du baloia areara eramateko eta Herrerok ondo urrundu duen urruneko jaurtiketa batekin probatzeko.
Talde andaluziarrak ondo itxi ditu erdiko lerroak, hegaletatik jokatzera behartuz eta Boyé eta Mariano jokotik kanpo utziz. Ordu erdian, Pablo Ibañezek errebotez betetako jokaldi nahasi bat amaitu du, baina jaurtiketa oso gora joan zaio.
Atsedenaldirako minutu bat falta zenean, Niñok arearako pase oso zehatza jaso du eta markagailua ireki du. Hasiera batean, epaileak baliorik gabe utzidu gola jokoz kanpo zegoelako, baina, VARen berrikuspenaren ondoren, gola baliozkotu du.
Alaves ez zen ezer sortzen ari, beraz, bigarren zatia hasi eta berehala, Quique Sanchez Floresek aldaketa bikoitza egin du freskotasun bila, eta Yusi eta Denis Suarez sartu ditu Valentini eta Rebbachen ordez.
Hala ere, ezer gutxi aldatu da. Babazorroek ez zuten arriskurik sortzeko modurik aurkitzen, eta eraso gutxi iristen ziren aurkariaren areara. Malagari, aldiz, gehiago iruditzen zitzaion, eta abantaila handitzeko hainbat aukera ere izan ditu, horien artean, Siverak gelditu behar izan duen chut gogor bat.
Etxekoen aldetik, Toni Martinezek, Marianoren ordez sartu denak, abagune argienak izan ditu area barruan boleaz errematatzen saiatu denean, baina ez du baloia lotzea lortu. Aurrelaria berriro saiatu da minutu gutxira takoikada batekin, baina oraingoan atezaina jarri da aurrean.
Alavesi denbora amaitu zaio, eta Boyek markagailua berdintzea lortu du zutoinean joduen jaurtiketa bikain batekin. Malagak ere ez du bere azken hitza esan, eta Siverak esku hartu behar izan du Niñoren banakako jokaldi ona eteteko.
Azken minutuetan euskal taldeak bihotzez jo du erasora, gutxienez berdinketa baten bila. Kosta egin zaio, baina 89. minutuan saria iritsi da. Toni Martinezen errematearen ostean, Mañasek aldaratzea jaso du baloia sare barrura bultzatzeko eta markagailua berdintzeko.
Golak pultsazioak igo ditu eta babazorroek garaipena emango zien beste gol baten bila jarraitu dute. Ez da aukerarik falta izan, baina markagailua iraultzeko denborarik ez zegoen eta lortutako puntua ontzat eman behar izan dute.