This text has been automatically translated, it may contain errors or inaccuracies.
F LIGA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realak garaipen argia eskuratu du Athleticen aurka, Lezaman (0-2)

Arturo Ruizen taldea gehiago izan da zuri-gorrien eta txuri-urdinen arteko euskal derbian, eta Aiara Agirrezabalak eta Paula Fernandezek lehen zatian sartutako golekin nagusitu da.

Klara Cahynova y Aiara Agirrezabala celebran el primero gol de la Real Sociedad en el derbi ante el Athletic
Klara Cahynova eta Aiara Agirrezabala, Realaren lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Reala erabateko nagusitasunez (0-2) gailendu zaio Athletici F Ligako 20. jardunaldiari zegokion euskal derbian. Kontrolpean izan dute lehia une oro, etxekoen ahalegin antzuen aurrean.

Lehenengo zatian goitik behera gailendu da Donostiako taldea. Arturo Ruizek zuzentzen dituen neskena izan da baloi jabetza hein handi batean, eta etxekoak apenas iritsi dira Julia Arrula atezainaren inguruetara.

Bisitariek ez dute gehiegi itxaron behar izan markagailuan aurretik jartzeko. Hartara, 14. minutuan iritsi da txuri-urdinen estreinako gola, Aiara Agirrezabala gaztearen eskutik. Realak alboko sake bat atera eta Athleticen defentsa lo antzera harrapatu du. Agirrezabalak egoera hori baliatu du Adriana Nanclaresen aurrean bakarrik geratzeko eta baloia haren hankapetik sarera bidaltzeko.

Gol horrek ez du partidaren gidoia gehiegi aldatu, donostiarrek nagusi izaten jarraitu baitute, eta 35. minutuan markagailuko aldea areagotzea lortu dute, penaltiz. Izan ere, Naia Landaluzek falta argia egin dio Claire Lavogez erdilari frantziarrari area barruan. Hasiera batean, epaileak jokaldia zigortu ez badu ere, VARa begiratu eta penalti puntua adierazi du. Paula Fernandezek ez du barkatu 11 metroetatik.

Bigarren zatian etxeko taldea ahalegindu da aldeak murrizten. Saiatu da baloia gehiago izaten, baina bisitariek atzean sendotasun handia azaldu dute, eta, horrez gain, kontraeraso zitalak antolatu dituzte. Horrenbestez, txuri-urdinen hirugarren gola gertuago egon da, etxekoen lehena baino. Aitzitik, Adriana Nanclaresek gelditu apartak egin dizkie Claire Lavegozen eta Intza Egigurenen saiakerei. Atezain zuri-gorria izan da bere taldeko jokalaririk onena beste behin.

Azkenerako, txuri-urdinek erraz antzera eskuratu dute norgehiagoka, eta gora begira jarraitzen dute. Athletic, ostera, sailkapenaren erdialdean geratuko da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X