Zesta-puntako jaialdia izango da Bordelen larunbatean
18:00etatik aurrera, Helena-Frida, Erika-Romane eta Sorozabal-Arai bikoteen arteko kiniela eta Erkiaga-Lekerika vs Johan-Gorka partida jokatuko dituzte. Espace d’Ornonen arituko dira pilotariak.
Johan eta Gorka Sorozabal Bordeaux Jai Alai Winter Series Desafioan arituko dira. Argazkia: Eraman!
Larunbatean, azaroaren 21ean, zesta-puntako jaialdia izango da Bordelen, Bordeaux Jai Alai Winter Series Desafioa; Eraman! enpresak antolatuko du, astelehenean iragarri duenez. Hain zuzen ere, 18:00etatik aurrera, Helena-Frida, Erika-Romane eta Sorozabal-Arai bikoteen arteko kiniela eta Erkiaga-Lekerika vs Johan-Gorka partida jokatuko dituzte. Espace d’Ornonen arituko dira pilotariak.
Eraman! enpresak zehaztu duenez, jaialdia Villenave-d'Ornon barrutian egingo dute, alegia, Bordeleko kanpoaldean, 56 metroko frontoi batean; bertan, Xistera Vellenavais klubeko pilotariak aritzen dira. Ia 2.000 zale izango dira pilotalekuko harmailetan.
Hala, zesta-punta berriro ere izango da Bordelen, Eraman! enpresak Frantzian antolatutako aurreneko jaialdiaren bidez.
Argazkia: Romain Laffue.