Ander Barrenetxea eta Nico Williams Espainiako selekzioaren deialdira itzuli dira
Luis de la Fuentek 27 jokalari deitu ditu Nazioen Ligako multzokako faseko azken bi neurketetarako. Unai Simon, Laporte, Zubimendi, Merino eta Oyarzabal ere zerrendaren parte dira.
Ander Barrenetxea da Luis de la Fuente hautatzaileak osatutako deialdiko berritasun nagusietako bat. Realeko hegalekoak aurrez ere jaso izan du Espainiako selekzioaren deia, eta behin jokatu du talde nagusiarekin: joan den martxoaren 31n, Egiptoren aurkako lagunartekoan. Nico Williams ere zerrendara itzuli da, lesioa gainditu ostean.
Bi hegalekoen itzuleraz gain, euskal ordezkaritza zabala da 27 jokalariko zerrendan. Unai Simonek, Aymeric Laportek, Martin Zubimendik, Mikel Merinok eta Mikel Oyarzabalek ere Espainiako selekzioaren deialdiaren parte izaten jarraitzen dute.
Horiez gain, Luis de la Fuentek Pablo Barrios (Atletico Madril), Álvaro Vallés (Betis), Marc Roca (Betis) eta Jacobo Ramón (Como) ere hautatu ditu. Azken hirurak lehen aldiz deitu ditu Espainiako selekzio nagusiak.
Espainiak Txekiaren aurka jokatuko du azaroaren 12an, Pragan, eta Ingalaterra hartuko du hilaren 15ean, Madrilgo Metropolitano estadioan. De la Fuenteren taldeak ziurtatuta dauka final-laurdenetarako sailkapena, orain arte jokatutako lau partidak irabazi baititu.