Onley Ciccone baino gehiago izan da Valle del Solen, eta Burgosko Itzuliko liderra da
Netcompany INEOS taldeko txirrindulari eskoziarra Lidl-Trekeko ziklista italiarra baino azkarrago ibili da, azken metroetan, eta, hala, lasterketako bigarren etapan gailendu da, eta sailkapen nagusiko lehen postuan jarri. Markel Beloki zazpigarren tokian helmugaratu da.
Netcompany INEOS taldeko Onleyk Ciccone menderatu du, etapako azken metroetan. Argazkia: EITB.
Oscar Onley Netcompany INEOS taldeko txirrindulari eskoziarrak 2026ko Burgosko Itzuliko bigarren etapa irabazi du, asteazkenean, Valle del Solen, eta, gainera, lasterketako sailkapen nagusiko lehenengo postuan jarri da. Onley eta Giulio Ciccone Lidl-Trek taldeko ziklista italiarra aritu dira nor baino nor gehiago, azken metroetan, garaipenaren lehian, eta eskoziarra gailendu da. EF Educationeko Markel Beloki zazpigarren tokian helmugaratu da.
Proba azken egoeran erabaki da, Valle del Sol hirugarren mailako mendate gogorrean. Aurretik, bi nafar, Kern Pharmako Diego Uriarte eta Euskaltel-Euskadiko Unai Aznar hain zuzen ere, eguneko protagonistetako bi izan dira; izan ere, etapa markatu duen ihesaldian ibili dira biak. Tropelak etapako azken igoera hasi aurretik harrapatu ditu Uriarte eta Aznar.
Onleyk, 23 urtekoa bera, aurreneko aldiz lortu du garaipena 2026ko denboraldian; orain, 48. Burgosko Itzulia amaitzeko gelditzen diren hiru etapetan, ahaleginduko da liderraren maillotari eustea.