Euskaltel-Euskadi Panaman izango da, bi lasterketatan, ostegunean eta asteburuan
Ostegunean, euskal taldea Gran Prix Chiriquin izango da, eta larunbatean eta igandean Clasica Provincia de Chiriqui lasterketan. Gainera, Euskaltel-Euskadi Veneto Classic proban arituko da, igandean, eta Chrono des Nations erlojupekoan, igandean ere.
Euskaltel-Euskadik lehen 30 postuetako bat lortzeko lehian jarraitzen du. Argazkia: Euskaltel-Euskadi.
Euskaltel-Euskadik bi lasterketa jokatuko ditu Panaman, ostegunean eta asteburuan, asteazkenean euskal taldeak berak iragarri duenez. Hain zuzen ere, ostegunean, Euskaltel-Euskadi Gran Prix Chiriquin izango da, eta larunbatean eta igandean, ordea, Clasica Provincia de Chiriqui lasterketan. Gainera, Euskaltel-Euskadi Veneto Classic proban izango da, igandean, eta Chrono des Nations erlojupekoan, igandean ere.
Testuinguru horretan, Euskaltel-Euskadi bizi-bizi ari da lehiatzen munduko sailkapeneko lehen 30 postuetako bat eskuratu nahirik. Lehia horretan, asteazkenean, Iker Mintegi hamaikagarren postuan helmugaratu da Venetoko Giroan. Mintegirekin batera, Nico Alustiza, Mikel Bizkarra, Jonathan Lastra, Marco Martin eta Louis Sutton arituko dira igandean Veneto Classik lasterketan.
Xabier Berasategi, Xabier Isasa, Gotzon Martin, Hodei Muñoz eta Gari Ugarte izango dira Panaman, eta Txomin Juaristi eta Axel eta Danny van der Tuuk arituko dira Chrono des Nations proban. Igandean izango da azken eguna puntuak eskuratzeko; izan ere, hortik aurrera lortutako puntuak ez dira zenbatuko, denboraldia gutxienez hogeita hamargarren postuan amaitzeko lehian.