Belgikako Tourra

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Philipsenek Belgikako Tourreko garaipena kendu dio Aranbururi azken esprintean

Alex Aranburuk eskura izan du Belgikako Itzuliko garaipena, baina azken etapan Jasper Philipsen belgikarrak lidergoa kendu dio. Alpecin taldeko txirrindulariak esprintean irabazi du Hoeilaarten, eta, horri esker, sailkapen nagusia ere bereganatu du.

Aranburu, Belgikako podiumean

Belgikako podiuma. Argazkia: Cofidis

Cofidis taldeko euskal txirrindulariak bosgarren eta behin betiko jardunaldiari ekin dio, Jasper Philipseni bi segundora zuela, baina ezin izan du bere posizioa defendatu erasoek eta tentsioak markatutako amaiera batean. Aranburuk ez du kokapenik onena aurkitu azken metroetan, eta ez du aukerarik izan garaipena lortzeko, ezta liderraren maillotari eusteko behar zituen segundoak eskuratzeko ere.

Frantziako Tourrean hamar etapa irabazi dituen Alpecin taldeko txirrindulariak aukera aprobetxatu du, eta besoak altxatu ditu Gingelom eta Hoeilaart arteko 183,5 kilometroko etapa irabazita. Belgikarrak Jenno Berckmoes herrikidea eta Max Kanter alemaniarra gainditu ditu azken esprintean.

Zazpi txirrindularik osatutako ihesaldi batek markatu du jardunaldia, eta sailkapen nagusia arriskuan jarri ez badu ere, jarritako erritmo altuak eta etengabeko erasoek benetako borroka bihurtu dute amaiera. Helmugatik 43 kilometrora neutralizatu du tropelak ihesa, eta ondoren tropela berriro hausteko hainbat saiakera egin dira.

Olivier Godfroid, Jonas Abrahamsen, Dylan van Baarle eta beste hainbat txirrindulari saiatu dira azken kilometroetan, baina tropela bat eginda iritsi da Hoeilaartera. Philipsenek indartsu ekin dio azken 500 metroetan, eta etapa garaipenaz gain, Aranbururi garaipena kentzeko segundo nahikoa irabazi ditu.

Ezkiokoa garaipenaren atarian geratu da Belgikako Itzulian lan bikaina egin ondoren. Philipsenek, berriz, bultzada hartu du hurrengo Frantziako Tourrari begira.

Results powered by FirstCycling.com

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X