Grebak bere horretan jarraitzea leporatu diote elkarri palistek eta Innpala enpresak
Palista profesionalek eta Innpala enpresak komunikatu bana argitaratu dute, asteazkenean, eta elkarri leporatu diote pilotariek martxoaren 21etik indarrean duten grebak bere horretan jarraitzea. Zabaldutako idazkietan, Innpalak ziurtatu du azken hilabetean kontratua amaitu zaien hiru pilotariak, alegia, Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubeka, berriro kontratatzea eskaini duela; palistek, ordea, berretsi dute euren lana "duintasunez" egiteko "gutxieneko baldintzak" eskatzen ari direla, are gehiago, aspalditik dabiltzala hori eskatzen, eta negoziazioa "ez zela hasi berritu ez diren hiru kontraturengatik, eta hiru kontratu horiek ez direla negoziazio horren muina".
Innpalak eman du argitara aurreneko oharra. Testuan, enpresak adierazten du nola palista profesionalek, hasiera batean, "hainbat puntu" aldarrikatzen zituzten: "Kirol materiala, gutxieneko soldata, eta beste baldintza batzuk; horiek akordio proposamen batean jaso behar ziren, eta, tartean, greba deialdiaren mehatxua zegoen, baldintza horiek aintzat hartu ezean".
Innpalaren arabera, apirilaren 3an, hau da, Urrezko Pala Pro txapelketako bosgarren eta seigarren jardunaldiak bertan behera utzita eta pilotariak greban zeudela, palistekin batzarra egin zuen, eta, bilera horretan, "proposamen bat aurkeztu genuen, idatziz, eta bertan pilotarien aldarrikapen guztiak zeuden jasota". Une horretan, enpresaren esanetan, palistek "ez zuten proposamen hori eztabaidatu nahi izan, eta beste kontu bati eman zioten lehentasuna: alegia, kontratua amaituta edo amaitzear zuten lankideak berritzea". Arestian esan bezala, pilotari horiek Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubeka dira.
Testuinguru horretan, Innpalak zehaztu du nola, joan den astean, hilaren 23an, pilotarien hiru ordezkari izan ziren bilera batean, ez zuten akordiorik itxi; palisten ordezkariek, alabaina, "argi utzi zuten gauza bat: kontratua amaituta zuten hiru pilotariek berriro kontratatuz gero, segituan hasiko lirateke berriro jokatzen". Innpalako Zuzendaritzak, hala, bi egunen buruan, apirilaren 25ean, pilotari guztiak izan ziren beste batzar batean, eskaini zuen "hiru pilotari horiek kontratatzea, 2025eko abenduaren 31ra arte", bai eta "palisten eskarietako batzuk nola hobetu eztabaidatzea ere". Pilotariei eskatu zien, trukean, "jarritako salaketak kendu, greba segituan bertan behera utzi, eta kanpoko eragilerik gabe negoziatzen jarraitzea".
Pilotarien erantzuna izan zen "altxatu eta joatea, esan baitzuten iseka egiten ari gintzaizkiela", dio Innpalak: "Erabat harrituta gelditu ginen, euren aldarrikapenak onartzen genituelako; are gehiago, horiek hobetzen genituen, abenduaren 31ra arteko kontratua eskainita". Pilotariek, Innpalaren arabera, "ez zuten aurkeztutako puntuetako bat ere eztabaidatu nahi izan".
Palistek, azken bilera hori egin eta bost egunera, erabaki dute greban jarraitzea; izan ere, Innpalaren arabera, "haiek diote ez dela aintzat hartu euren aldarrikapenen muina". Enpresak, baina, bere buruari galdetzen dio zeintzuk diren aldarrikapen horiek, "bileraz bilera aldatzen baitira, eta gorabeherak baitituzte".
Palisten erantzuna
Innpalaren komunikatua jasota, pilotariek beste ohar bat argitaratu dute, enpresak emandakoari erantzuna emanda; zehazki, palistek adierazi dutenez, idazkiaren helburua izan da "hainbat puntu argitu eta gezurtatzea, puntu horietako asko larriki desitxuratzen ari direlako gatazka honetan benetan zer gertatu den".
Pilotariek, idazkian, baieztatu dute "ELA gure sindikaturik gabe" joan direla bi batzarrera, "Innpalak espresuki hala eskatuta". Palisten esanetan, gatazka "ez zen hasi hiru lankideri kontratua berritu ez izateagatik, baizik eta askoz ere sakonagoa den zerbaitengatik: alegia, lan baldintza duinen alde borrokatzearren". Aurrerago testuan, pilotariek azaldu dute zer eskatzen duten, zeintzuk diren euren eskaera "argi eta aldaketarik gabeak": "Egiten dugun lanaren exijentzia eta profesionaltasun mailarekin bat egin behar duen soldata duina; gure zeregina modu zuzenean egiteko kirol material egokia; eta, lesio edo istripu izatekotan, gutxieneko segurtasun-estaldura".
Diotenez, enpresarekin izandako bileretan, "benetako proposamenak egin beharrean, onartezinak diren eskakizunak inposatu dizkigute. Eskakizun asko, eta proposamen oso gutxi; hori izan zen negoziatzeko euren eredua", nabarmendu dute. "Bilera horietako batean, konpromisoa hartu genuen euren proposamena aztertzeko, nahiz eta proposamenean soilik aipatzen zen hiru lankideak berriro kontratatzea, eta ezer ez gure lan eskarien inguruan; bada, handik hamar minutura, enpresaren posta bat jaso genuen, eta esaten zitzaigun hurrengo asteartean partida jokatu behar genuela". Pilotarien iritziz, "zaila da ez ikustea, horretan, saiatu direla estutzea edo behartzea gu pilotalekuetara bueltatzea, akordiorik egin gabe ere".
"Oso argi nahi dugu utzi", adierazten dute pilotariek, "negoziazio hau ez zela hasi berritu ez diren hiru kontraturengatik, eta hori ez dela muina, nahiz eta hori dioten behin eta berriz, fokua desbideratzeko. Gure lanean duintasunez aritzeko gutxieneko baldintzak behar ditugula eskatzen dugu, eta hortik dator gatazka; denbora luzea daramagu hori eskatzen".
Innpalak emakumezkoen txapelketa bat antolatu du, nabarmendu dute palistek, eta salatu egin dute hori: "Erabat errespetatu eta babesten dugu txapelketa hori; hala ere, gu greban gaudela emakumezko jokalariak kontratatzeak urratu egiten du grebarako gure oinarrizko eskubidea". Kirolarien ustez, enpresaren asmoa da, horren bidez, "baldintza duinak lortzeko borrokan dabiltzan langile gisa dugun posizioa ahultzea".
"Grebari eustea erabaki dugu, oinarrizko kontu horiei benetako konponbiderik ez zaielako eman; soilik horregatik, ez dago ezkutuko beste arrazoirik", adierazi dute palistek.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Urrutia, palista: “Lizitazioaren ebazpenaren zain gaude oraindik; espero dugu aste gutxi barru frontoian egotea”
Palista profesionalek amaitutzat eman dute maiatzean hasi zuten greba mugagabea. Hala ere, guztiz apurtu da euren eta Innpala enpresaren arteko harremana. Bi proiektu daude orain jokoan, eta horietako bat babesten dute pilotariek, baina lizitazioaren ebazpenaren zain daude. Gauzak ondo bidean, badute etorkizunean pala bere lekuan jartzeko itxaropena.
Palako pilotari profesionalek bertan behera utzi dute 2025eko maiatzean hasi zuten muga gabeko greba
Palista profesionalek oharra argitaratu dute; zehaztu dutenez, gaur egun ez dago Innpalarekin kontratua duen pilotaririk, eta, halaber, azaldu dute Bizkaia Frontoiaren lizitazio prozesuaren baitan aurkeztu diren bi proiektuetako bat babesten dutela.
Imanol Ibañez palistak Akilesen tendoia hautsi zuen Nazioen Ligako finalean
Frantziaren aurkako finalaren lehen jokoan palista bilbotarrak orpazurdan min hartu zuen, eta anbulantzian eraman behar izan zuten Bizkaia pilotalekutik. Denbora beharko du sendatzeko.
Frantziak larruzko paletan irabazi dio Euskal Selekzioari
Frantziako bikoteak bi setetan irabazi dio euskal ligari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu den Nazioen Ligako hirugarren jardunaldian.
Innpalak iragarri du Fustok eta Madariagak enpresako kide izateari utziko diotela ekainaren 30ean
Innpalaren arabera, bi palistek erabaki dute ez onartzea egin zitzaien berritze proposamena; hala, Innpalaren pilotarien lantaldean, uztailaren 1etik aurrera, hamahiru palista izango dira. Palista profesionalak greba mugagabean daude, maiatzetik.
Palistek greba mugagabeari ekingo diote
Palista profesionalen eta Innpala enpresaren arteko lan-gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen du. Palistek ELA sindikatuaren Bilboko egoitzan prentsaurrekoa egin dute, enpresarekin dituzten desadostasunak plazaratu dituzte, eta iragarri dute greba mugagabeari ekingo diotela.
Palisten ekitaldia Zierbenan, bizi duten egoera salatzeko
Palista profesionalek greban jarraitzen dute Innpala enpresarekin duten lan-gatazka ez delako konpondu oraindik. Apirilaren 17an ekitaldia egin dute Zierbenan (Bizkaia). Zaleen bbesa jaso dute. Babesa eskaini diete Asier Del Hornok eta Mikel Goñik ere, pala partida bat jokatuta.
Urrutia: ''Enpresaren jarrera oso txarra da, ez dut konponbiderik ikusten epe laburrean''
Palisten eta Innpala enpresaren arteko lan-gatazkak konpondu gabe jarraitzen du. Iñaki Urrutia palistak EITB Mediarekin hitz egin du bi aldeek apirilaren 3an izan duten batzarrean gertatutakoaz.
Urkijo: ''Uste dugu kontratazioak egiteko eskumena enpresarena dela; palistak, altxatu, eta joan egin dira''
Palisten eta Innpala enpresaren arteko lan-gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen du. Apirilaren 3ko batzarrean gertatutakoari buruz hitz egin du EITB Mediarekin Josu Urkijo enpresaren jabeak. (Adierazpenak, gaztelaniaz)